Nola lortu ziurtagiri elektronikoa

Ondorengo ataletan aurkituko duzu ziurtapen-agintaritza bakoitzaren arabera dagokizun ziurtagiri elektronikoa lortzeko egin behar duzun prozesuari buruzko informazio guztia.

NAN elektronikoa

Nortasun-agiri nazional elektroniko berria ( NAN elektronikoa ) NAN tradizionalaren antzeko dokumentua da. Dokumentu horrek 50 urte baino gehiago darama bere titularraren nortasuna, bertan agertzen diren datuak eta haren nazionalitate espainiarra akreditatzen. NAN elektroniko berriaren nobedade nagusia informazioa modu seguruan gordetzeko eta barnean prozesatzeko gauza den mikrotxip bat edukitzean datza.

NAN elektroniko berriak bi ziurtagiri elektroniko dauzka mikrotxiparen barruan. Ziurtagiri horiekin funtzio bana egin daiteke tramitazio elektronikoaren esparruan:

  1. Pertsonaren nortasuna akreditatu, elektronikoki eta zalantzarik gabe
  2. Dokumentu elektronikoak digitalki sinatu; eskuzko sinadurak ematen dienaren balio juridiko baliokidea ematen die horrek

NAN elektroniko berria badaukazu, arestian aipatutako ziurtagiri elektronikoak aktibatuta dituzula ziurtatu beharko duzu. Horretarako, hatz-markaren bidez akreditatu beharko duzu zure nortasuna Espainiako lurraldeko NAN bulegoaren edozein egoitza fisikotan: http://www.policia.es/documentacion/docu_esp/oficinas.html

NAN elektroniko berria ez badaukazu, berri bat atera dezakezu Espainiako lurraldeko edozein NAN bulegotan. Bestela, orri honetan aurrerago aipatzen diren bestelako ziurtagiri motak ere erabil ditzakezu.

ACCV ziurtagiria

Teknologia eta Ziurtapen Elektronikoaren Agentzia (ACCV) Valentziako Finantza Erakundearen saila da. Haren bitartez ematen zaizkie herritarrei, enpresei eta administrazio publikoei administrazio-tramiteak Internet bidez segurtasunez egiteko identifikazio telematikorako mekanismoak: ziurtagiri digitalak eta lotutako teknologiak

Lor daitezkeen ziurtagiriak honako hauek dira:
  • Herritarrarena, software-euskarrian
  • Herritarrarena, txartel kriptografikoan
  • Erakundearena
  • Enpresakoa izatearena
  • Enplegatu publikoarena
  • Egoitza elektronikoarena
  • Organo-zigiluarena
  • SSL euskarria duen zerbitzariarena
  • VPN euskarria duen zerbitzariarena
  • Kode-sinadurarena
  • Aplikaziokoa
  • Saio-hasierakoa
Esteka honetan lor dezakezu interesatzen zaizun ziurtagiria lortzeko moduari buruzko informazio osoa: http://www.accv.es

@firma

@firma administrazio publikoen eskueran jartzen den multi-PKI sinadura elektronikoaren eta balidazioaren plataforma da, autentifikazio eta sinadura elektroniko aurreratua azkar eta eraginkortasunez inplementatzeko zerbitzuak eskaintzen dituena.

@firma gako publikoko (PKI) azpiegitura ugariren ziurtagiri digitalen balioa eta indarraldia zehazten duen sistema da, NAN elektronikoarena besteak beste, haren zerbitzuekin konektatzen den administrazio publikoen esparruko edozein aplikazioren autentifikazio eta sinadura elektronikorako eragiketetan erabiltzen direnean.

Herritarrak administrazioarekin interakzioan diharduenean, tramite pertsonal bat egiteko, ezinbestekoa da haren nortasuna ezagutzea, eta NAN elektronikoaren edo ziurtagiri elektronikoaren bitartez egiten da telematikoki. Herritarra identifikatzeko edo eskabidea sinatzeko erabiltzen ari den ziurtagiriaren edo NAN elektronikoaren egoera egiaztatzen du administrazioak. Egiaztapen hori egiteko @firma balidazio-plataforma erabiltzen du, eta horren esku uzten du erabilitako ziurtagiriaren edo NAN elektronikoaren sinestamenduak egiaztatzeko eginkizuna.

Esteka honetan lor dezakezu informazio osoa: http://administracionelectronica.gob.es/ctt/afirma